Agurea eta Herioa
Behin batez, egurretara joanda, karga bizkar gainean hartuta, bide luzea egokitu zitzaion egurkari zahar bati. Hala, bidean ezinean zihoala, akiturik, fardela lurrera bota eta hasi zen Herioari deika. Agertu zitzaion hura, eta galdegin:
-Zertarako ari zinen deika?
Agureak, berriz, izuak dardarka:
-Lagun diezadazun, fardela bizkarrera jasotzen.
** Esopo
Galdera
Nik banuen galdera bat eta galderak zera galdetu zidan:
-Zer duzu buruan niri galdetzeko?-harritua gelditu nintzen hori entzutean
-Galderek ez dugu galderik erantzuten – erantsi zuen galderak- erantzuna nahi baldin baduzu ez egin galderak eta ekin ekintzari. Ekintza honen ondoren harritua gelditu nintzen galderek zer egin dezaketen jakin nuenean. Hausnarketa baten ondoren konturatu nintzen banekiela nire galderaren erantzuna eta geroztik erantzunak nahi ditudan bakoitzean galderei galdetzen diet erantzuna.
**2009,IV Irabazleak
Abisua
Kanariar irletan brontzezko estatua erraldoi bat ageri zen: zaldun batek, bere ezpataz, Mendebalera seinalatzen zuen. Oinarrian honakoa zen idatzia: "Itzul zaitezte. Nire bizkar aldera ez dago ezer".
** R. F. Burton
Chuang tzu-ren ametsa
Chuang Tzuk amets egin zuen tximeleta bat zela, eta esnatzean ez zekien tximeleta bat zela amets egindako gizon bat ote zen, edo orain gizon bat zela amets egiten zuen tximeleta bat.
** Herbert Allen Giles
Nortasuna
I. Jo ezazu Zu ez zarela existitzen, eta bila ezazu ordezko Norbait.
II. Begira iezaiozu arretaz zure ezker eskuari, eta esan nor den haren jabea.
** Jean Tardieu
Lotsa zer den
Hain kezkatzen zen eragozpenik ez sortzeko, leihoa itxi baitzuen berriz bere atzetik, jo eta jauzi egin ondoren, seigarren pisutik behera.
** Jacques Sternberg
Izuzko Ipuina
Maite izan nuen emakumea fantasma bihurtu da. Ni naiz agerkundeen lekua.
** Juan José Arreola
III. klausula
Paradisuarekin amets egiten duen bat naiz, baina saihets-hezur guztiak beren horretan ditudala esnatzen naiz beti.
** Juan José Arreola
Gregeria bat
Erretzeari utzi zion, baina berriro hasi zen: atzetik zituen hautsontzi gosetiak.
** Ramón Gómez de la Serna
Norbaitek, atzeko aldetik, begiak estali zizkion, baina ez zuen sekula jakin nor izan zen, eskua oso hotz zeukala besterik ez.
** Ángel Pérez Pascual
Hegoak
Medikuntzan niharduen garai hartan, Huamahuaca-n. Arratsalde batez, ume zauritu bat ekarri zidaten: muino bateko amildegitik eroria zen. Ikuskatzeko, pontxoa erantzi nionean, bi hego sumatu nituen. Aztertu, eta osasuntsu zeudela ohartu nintzen. Umeak hitz egin ahal izan zuen bezain laster, galdetu nion:
-Zer dela eta ez zenuen hegan egin erortzean, semetxo?
-Hegan egin? -esan zidan-. Hegan egin, jendeak nitaz barre egiteko?
** Enrique Anderson Imbert
Dinosaurua
Esnatu zenean, dinosauruak hantxe jarraitzen zuen.
** Augusto Monterroso
Emankortasuna
Gaur, Balzac bat sentitzen naiz; lerro hau bukatzekotan nago.
** Augusto Monterroso
Ardi Beltzarena
Urrutiko lurralde batean bazen aspaldi Ardi beltz bat.
Fusilatu egin zuten.
Mende bat igarota, artaldeak, damuturik, zaldigaineko estatua bat jaso zion, eta parkean dotore ezarri.
Horrela, aurrerantzean, ardi beltzen bat agertu bakoitzean, berehala fusilatzen zuten, etorkizuneko belaunaldietako ardi arruntek ere eskulturan aritzeko aukera izan zezaten.
** Augusto Monterroso
Gaua
Ezinezkoa zait lorik egitea. Emakume bat daukat trabaturik betazalen artean. Ahal izanez gero, alde egiteko esango nioke; baina ezin: emakume bat daukat eztarrian trabaturik.
** Eduardo Galeano
Ez zen arrunta, ez, haien maitasuna
Lizunkeriatan ibiltzeagatik atxilotu zituzten. Eta azalpenak ematen hasi zirenean, ez zien inortxok ere sinetsi. Egia esanda, haien maitasuna ez zen batere arrunta. Bata klaustrofobiak jota zegoen; bestea, berriz, agorafobiak. Horixe zuten arrazoi bakarra larrutan atarietan egiteko.
** Mario Benedetti
Curriculum Vitae
Diktadore bat, sarritan, gora egindako iraultzaile bat da. Iraultzaile bat, sarritan, gora egin ez duen burges bat izaten da.
** Marco Denevi
Ordu batez zoriontsu izan nahi baduzu, edan ezazu baso bat ardo onetik. Egun batez izan nahi baduzu, egin ezazu behin larrutan. Hilabetez bada, barrenak garbitu libragailu batez. Urtebetez zoriontsu izan nahi baduzu, ezkon zaitez. Bizi guztian zoriontsu izan nahi baduzu, ez zaitez ezkondu.
** Julio Torri
Ez iezadazu hitz egin nire liburuaz, mesedez, tranbietan; ez ezazu nire liburuaz hitz egin gauza arrunt bat balitz bezala. Hitz egidazu, aukeran, eguraldi onaz; edo esaizkidazu, nahiago baduzu, emakumeei eta diruari buruzko arrunkeria eta hutsalkeriak; utz ezazu bakean nire liburua.
** Julio Torri
Negar egiteko argibideak
Arrazoiak albo batera utzita, eutsi diezaiogun negar egiteko modu egokiari, hots, eskandalu izatera helduko ez den, eta bere antz paralelo eta dorpearekin irribarreari irain egingo ez dion negar bati. Negar ohikoa edo arrunta honako honetan datza: aurpegiaren hertsidura orokorra, eta hots espasmodiko bat, malko eta mukiz lagundua; azkenok amaiera aldera, negarraldia hain zuzen ere indarrez zintz egiten dugun unean amaitzen baita.
Negar egiteko, bidera ezazu irudimena zeure buruarengana; hori ezinezkoa gertatzen bazaizu, kanpoko munduan sinesteko ohitura kutsatu zaizulako, pentsa ezazu txingurriz jositako ahate batean, edo Magallaneseko itsasarteko golkoetan, inor inoiz sartzen ez den horietan.
Negarra heldurik, estal ezazu lotsaz aurpegia esku biak erabiliz, ahurra barru aldera dutela. Haurrek jakaren mauka aurpegiaren kontra egingo dute negar eta, aukeran, gelako txoko batean. Negarraldiaren batezbesteko iraupena, hiru minutu.
** Julio Cortázar
Eskuko marrak
Mahaiaren gainean botatako joko-karta batetik, marra bat sortu, pinu-egurrezko ohola zeharkatu, eta hanka batetik jaisten da. Ondo begiratzea nahikoa da ohartzeko marrak parkezko zorutik jarraitzen duela, hormatik igo, Boucher-en margolan bat erreproduzitzen duen irudian sartu, diban batean etzanda dagoen emakumearen bizkarraldea marraztu eta, azkenik, ihes egiten du gelatik sabaian zehar, eta kaleraino jaisten da tximistorratzaren kablean behera. Hor zaila da marrari jarraitzea, trafikoa dela eta, baina arreta jarriz gero izkinan aparkaturik dagoen eta portura daraman autobuseko gurpiletik igotzen ikus daiteke. Han, ilerik horiena duen emakume bidaiariaren nylon-kristalezko galtzerditik jaisten da, aduanen etsaitasunezko lurraldean sartu, narras eta sigi-saga aurreratzen du moila nagusiraino, eta han (baina zaila da ikustea, arratoiek bakarrik segitzen diote untziraino) turbina zaratatsuko itsasuntzira igotzen da, lehen mailako kubertako xafletatik ibiltzen da, nekez zeharkatzen du eskotila nagusia eta, koñak edaten eta abiatzeko sirena-hotsa entzuten ari den gizon baten kabinan, fraketako josturatik igotzen da, artilezko txalekotik gero, ukondoraino jaitsi eta, azken ahalegin bat eginez, eskuin eskuko ahurrean babesten da, une horrexetan pistola baten kulatan ixten hasi den esku horretan.
** Julio Cortázar
No hay comentarios:
Publicar un comentario